2016/04/08

Oilo eta krokodiloak!!!

            Egun on guztioi! Egunak aurrerantz doaz eta horrekin batera, birziklapen tailer gehiago. Oraingoan etxean hutsik geneuzkan arrautza kutxekin animalitxo polit batzuk egin ditugu LH 1. eta LH 2. mailakoak. LH 1. mailakoak oilo batzuk egin ditugu, arrautza-ontzi bezala erabili daitezkeenak. Guk arrautzen faltan, koloretako puxika txiki batzuk jarri ditugu eta benetan dotore geratu direla! Bestalde, LH 2. mailakoak arrautza kutxa hutsekin krokodilo polit eta atsegin batzuk sortu ditugu. Nahiz eta beraien hagin guzti horiek ikusita… beldur apur bat ere eman.

Argazki makina zoragarriak!!!!

       Kaixo guztioi! Orain arteko birziklapen tailerrak gustoko izan dituzue? Ba oraingoan beste baten berri ematera gatoz. DBH 2. mailakoak LH 3. mailakoengana joan gara argazki makina zoragarri batzuk egiteko asmoz. Horretarako etxean geneuzkan kutxa zaharrak eta komuneko paper-biribilkian erabili ditugu. Beraz, orain kontuz, edozein lekutan eta momentutan argazkiak egiten ibiliko baikara! Ea gure begiek zer jaso dezaketen makina hauekin.

2016/03/21

Birziklapen etiketak prestatzen eta geletan banatzen

Arratsalde on lagunak! 
          Dakizuen bezala, DBH 2. mailakoak (ikastetxearen izenean) GAP-Akibatu+ programan parte hartzen gabiltza. Egin ditugun birziklapen tailerrez gain, beharrezko etiketak jarri ditugu edukiontzietan eta edukiontzi berri bat gehiago jarri dugu gela bakoitzean. Orain arte, plastikoa, papera eta gainontzekoa birziklatzen genuen ikasgeletan; baina gaurtik aurrera, boligrafo, errotuladore,... zaharrentzako edukiontzia ere duzue. Horretarako gelaz gela joan gara edukiontzi honen berri ematera eta bide batez, birziklapen egokia nola egin behar den gogorarazten. Ea horrela, hobeto birziklatzeaz gain, hondakin murrizketa ere lortzerik dugun.
         Bestalde, etxeetan ere, programa honetan parte hartu nahi duenak, gogoratu gure eskolako blog-ean, eskumako aldean GAP-Aktibatu+ ikurrean sakatuta parte hartu dezakezuela eta hainbat sari irabazi. Animatu zaitezte!
Eskerrik asko denoi!

2016/03/17

Eskutxoekin animalitxoak


Kaixo familiak eta lagunak! 
Birziklapen tailerrak aurrerantz doaz eta beste bat burutu dogu DBH 2. mailakoek. Oraingoan HH 3 urtekoekin egin dugu; kartoi zaharretan, beren eskutxoez eta margoez, animalitxo polit eta xarmangarrien irudiak egin ditugu. Ikusi nahi al dituzue? Tartetxo bat hartu egizue eta ikusi argazkietan zeinen ondo pasatu dugun. Politak geratu dira, ezta?


Txorientzako janari poteak

Kaixo lagunak! 
Beste birziklapen tailer bat egin dugu. Oraingoan HH 5 urteko gelakoekin txorientzako janaria ipintzeko pote polit batzuk sortu ditugu DBH 2. mailakook. Horretarako ur-botila hutsak eta kafe makinako kapsulak erabili ditugu. Oso dibertigarria izan da bakoitzak bere gustura apaintzea. Gainera, behin dena prestatuta, txorientzako janariz bete eta gure eskolako ortuan jarri ditugu polit-polit. Txoriek ere berdin pentsatuko ote dute? Ea laster bertatik jaten ikusten ditugun!!!



Argazki markoak

Kaixo guztioi! 
Oraingoa ere, DBH 2kook antolatu eta garatu dugun beste birziklapen tailer baten berri ematera gatoz. HH 4urtekoekin egin dugu eta argazkia jartzeko marko polit bat egin dugu kartoiaz eta kafe-makinan sartzeko kapsulez. Primeran pasatu dugu kapsulak gure hankez zanpatuz eta apaingarri politetan bihurtuz markoan jartzeko. Gainera gelakideen argazkia jarriz, ikasturte honetako oroigarri polita lortu dugu. Ikusi argazkiak eta eman zuen iritzia. Politak eta originalak geratu zaizkigu, ezta?


2016/03/04

Xaboi Tailerra

       Ikastetxeko familia, langile eta ikasle maiteak, aurten ere GAP-Aktibatu+ kanpainan parte hartzen gabiltza. Baina oraingoan hondakinak eta beraien birziklapena landuko dugu. Horretarako sentsibilizazio kanpaina martxan jarri dugu eta xaboi tailerrarekin hasi gara. Horrela, guk, DBH2.mailakoek, nola egin ikasi ondoren, beste ikasgeletakoei azaldu diegu. Hori dela eta LH5, LH6 eta DBH1 laborategira eraman ditugu eta bertan, etxeko olio erabilia xaboi zoragarri bihurtu dugu! Hala ere, hemen ez da bukatzen: tailerrekin jarraituko dugu eta hurrengo batean, antzeko beste tailer zoragarrien berri emango dizuegu.