Martxan dago jada Gernika-Lumoko Mertzede Ikastetxean eusLiderrak proiektua. Proiektua Gernika-Lumoko udaleko euskara sailak sustatu du eta Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzaren eskutik garatzen ari gara. Proiektu honen helburu nagusia, DBHn euskararen erabilera informala sustatzea da. Proiektuaren oinarri metodologikoak EHUko gizarte psikologia fakultatearekin garatu ditu Ahize-AEK-k eta euskararen erabileran liderrak identifikatzea eta eraldaketa sustatzea dira proiektuaren helburuetariko batzuk. Honetarako, hizkuntzek duten garrantziaz hausnartuko dute ikasleek hasierako hiru motibazio saioetan.
DBH 3.mailako ikasle guztiek jaso dituzte dagoeneko 3 motibazio saioak eta hemendik aurrera, borondatezko ikasleekin egingo da lan, hau da, proiektuarekin aurrera jarraitu gura duten ikasleekin. Esan beharra dago, motibazio saioek erabateko arrakasta izan dutela eta ikasle guztiek erabaki dutela proiektuarekin aurrera jarraitzea. Hemendik aurrera ikasleek bikoteka egingo dute lan eta bikote proiektuak egingo dituzte, saioetan ikusitako giltzarri batzuen inguruko ideiak kontuan hartuz eta beraien zaletasunak uztartuz. Bikote proiektu hauek sozializatu egingo ditugu eta saioetan landutakoa kalera atera, “ekintza soziala” deitzen dugun horren baitan.
Proiektuarekin hasi aurretik, hasiera galdetegia betetzen dute ikasleek, beraien euskararen erabilera neurtzeko, eta saioak bukatu ondoren, amaiera galdetegia beteko dute. Galdetegi hauei esker erabileran gora egin duten objetiboki aztertuko dute Ahize-AEK-ko teknikariek, proiektuak benetan eragina izan duen ikusteko.
Hemendik eta urtarrilera “ekintza sozialerako” bikote proiektuak lantzen arituko dira ikasleak eta horretarako orain arte bezala Ikastetxearen babes osoa izango dute.
No hay comentarios:
Publicar un comentario